XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adorni, Mundial eta Giro bana

Vittorio Adorni ez da palmares izugarria duen txirrindularia, baina bere garaian karisma handia lortu zuen Giroa eta Munduko Txapelketa bana irabaziz.

Lasterketa horiek italiarren artean esanahi berezia baitute.

Adornik Indurain bere bi Giroak irabazten ikusi du: Indurain gaur egungo txirrindulariaren eredu garbia da, atleta modernoa.

Altua da, zango luze eta indartsuak ditu eta pedal-kolpe handiko gizona da.

Oso estilo berezia du eta bere pedalkadak indartsu ateratzen dira bere zango eta gerrialdetik.

Itxuraz behintzat oso pertsona lasaia dirudi, lasterketako tentsioek zirkinik egingo ez balie bezala korritzen du, aparteko urduritasunik gabe.

Bere errekuperazio ahalmena eta bere gorpuzkeragatik mendian ere nola moldatzen den ikusita, berezitasun fisiko paregabeak dituela esan daiteke.

Vittorio Adornik, beste ospetsu askok bezalaxe, bere garaiko Jacques Anquetil normandiarrarekin alderatzen du: Erasoak jotzen hastea bakarrik falta zaio.

Agian Anquetili gertatu zitzaiona gerta dakioke, erlojupekoak irabazten aspertu egin zela eta gero mendian erasoak jotzen hasi zen.

Gizon hotza da, gauzak ongi neurtzen dakiena.

Nire iritziz Anquetilen pareko burua eta adimena ditu eta Eddy Merckx bezain indartsua da.

Beste urte batzuetan oraingo mailan mantenduko dela deritzait, 31 edo 32 urte bete arte.

Jendeak ondo hartzen duen txirrindularia da gainera, zintzoa.

Mendian, oraindik behintzat, onenen artean ibiltzen da, baina nahi izanez gero, ziur nago, erasoa jo eta aurkariak atzean utziko lituzke.

Irabazteko nahikoa du erlojupekoetan ateratzen dituen denborak, baina mendian ere inork ez du atzean uzten.

Bere garaiko txirrindularirik onena da, horretan ez dago zalantzarik.